XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zortzi haurride izan zituen Odonek: zaharrena Angel (1885-1956), Unibertsitate-katedraduna eta Eusko Ikaskuntzaren idazkaria, eta gazteena Emilio (1906-1975), arkitektoa.

Boskarrena izan zen Odon (1896an sortua) eta ondoren zuen Ricardo (1899-1968), El Licenciado Rompelanzas zezenketa-idazlea eta Numanciako Museo-burua, orobat Luis (1903 1935), medikua, Parisko Olinpia Jokoetarako hautagai.

Lehen ikasketak Gasteizko Maristetan egin zituen Odonek.

Maizenik kontatu duena zuzendariagandiko errieta hura izan zen:

-Euskaraz egiteko debekua ez duzu errespetatzen, Apraiz jauna.

Odonek, ordea, euskaraz ez jakin.

Egiten zuen gauza bakarra Bizkaitarra, Gipuzkoarra eta gainerako agerkari abertzaleak ikasleei helaraztea zen.

Hasia zen, bai, euskaraz ikasten, hamalau urterekin, eta hain zuzen ere Azkueren ikasle batena omen zen El euskara ó baskuenze en 120 lecciones liburuaz.

Salamancan jarraitu zuen hizkuntza ikasten, lagunekin, baina bultzada handiena 1913ko udan etorri zen: Unibertsitateko lehen urtea gainditzeagatik, aitak zer sari nahi zuen galde egin eta semea, non gogoa, han zangoa, Aramaiora joan zen.

Goiko Errota baserria eta Aramaio guztia ongi iltzatuak gelditu ziren betiko haren oroimenean.

Apraiz ez zen, zalantzarik gabe, ikasle eredugarri horietakoa.

Berak aitortzen zuenez, Salamancan, hamabietako eskola baino lehen, postaz zetorkion Euzkadi hartu eta klasean irakurtzen zuen, irakasleak ezin ikus zezakeen tokian.

Ikasle argia, nolanahi ere, baina bestelako interes asko izaki, logika liburua kafesnearen zipristinez zikindua zuen, ikasgaiak gosal garaian arrapaladan prestatzen zituelako.

Salamancako egonaldiaz gainera, Deustuan izan zen Apraiz ikasle.

Orduko Arana Goiri-zaletu zenak Euzkadi egunkaria, Konpainiako ikasle-egoitzan debekatua, erosten zuen eta Garate atezainak sartzen uzten.

Baina euskal ikerketan haren sabindar isuria moztua gertatu zen halako batean, Rufo Mendizabal jesulagun helenista ospetsuak hitz hauek esan zizkionean:

- Hara, Apraiz: euskal filologian gauza bakar batek balio du, Julio de Urquijok eta haren Revista Internacionalek.

Hitzok mingarri izan bazitzaizkion ere, Odon gazteak iritzi eta gomendioaren zuzentasuna onartu zuen.

Kondaira aldera makurtua, Madrilen dotoratu zen 1917an, Euskal Herria Frantziako Iraultzaren garaian (1793-1795) lanaz.

Lan hau, sarritan esaten zuenez, beldurrak eraginik eduki zuen argitara gabe.

1917ko uda hartan, berriki gogoratu zuen bezala, Apraizek Eusko ikaskuntza sorrarazteko bilkuretan parte hartu zuen, Arantzazun, Eleizalde, Kizkitza, Ixaka Lz. Mendizabal, F. Belaustegigoitia eta beste zenbaitekin.

Hurrengo urtean, jakina, ez zuen Oñatiko Batzarrea huts egin.